XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mundu polita zen dudarik gabe!

- Neska bazina, nere besotan hartuko zintuzket -pentsatu zuen Juliusek astroaren xarmantasunak liluraturik.

Tamaina ertaineko kolore marroizko sateliteak orbitatzen zuen.

Ilgoran zegoen satelitea.

Atmosferari buruzko datuak: oxigenoa %20, nitrogenoa %79 eta bestea ohizko aztama gasak: karbono(IV) oxidoa, helioa, ur-lurrina etab., irakurri zuen ordenadorearen pantailan.

Gizakiarentzako atmosfera tipoa zen, beraz.

- Zibilizazio-arrastorik? -tekleatu zuen baldarki ohitura faltagatik.

Planeta urrunegi dago oraindik datu erabakikorrik emateko.

Irratifrekuentzietan aktibitate ohizkanpokorik ez, zioen pantailak.

Ez zegoen han beraz, teknologikoki aurreratutako zibilizaziorik.

Irratifrekuentzien banda aseturik egongo zatekeen bestela.

- Erne ibili, dena den.

Ez dut beste ustegabekorik izan nahi -tekleatu zuen Juliusek.

Aukeratu lurralde epelen batean lurrartzeko tokia.

Iritsitakoan abisatu.

- Zure esanetara nagusi -agertu zen ordenadorearen pantailan azken mezu moduan.

Harri eginik gelditu zen Julius, ordenadore hura teorian ez bait zegoen Lilianen haizakortasunez horniturik.

Kalkulagailu hutsa zen, izan ere.